Iratzoki-Lizasorekin Elkarrizketa

Iratzoki-Lizaso estudioko Ander Lizaso eta Jean Louis Iratzokirekin hitz egin dugu, Basque Living-en Irudikatu Etxebizitza astean parte hartu behar baitute. Hona hemen elkarrizketaren emaitza:

 

¿Zer da IRATZOKI-LIZASO?

— Azkainen kokatutako diseinu estudioa da, Ander Lizaso eta Jean Louis Iratzokik sortua. Gehienbat altzari diseinuan lan egiten dugu, nahiz eta beste zenbait alor ere jorratzen ditugun. Esate baterako barne diseinuan lan batzuk egin ditugu azkenaldian eta paraleloan marka batzuentzako zuzendari artistikoak gara. Hiru pertsona gara sormen taldean (Hirugarrena Maider Noblia).

 

¿Altzariek zein modutan konfiguratzen dute etxebizitza?

— Gure etxea zein objektuz betetzen dugun erabakitzea oso gauza pertsonala da. Bi eratan eragiten du gure ustetan: alde batetik, erakartzen gaituzten objektuez inguratzeak hobeto sentiarazten gaitu; bestalde, besteekiko geure burua proiektatzeko mekanismo modu bat da.

 

¿Norantza ari da etxebizitzaren kontzeptua aldatzen?

— Gu ez gara horretan adituak egia esan. Objektu bat diseinatzeko orduan ez dugu erabileren azterketa exhaustiborik egiten, intuizioarekin du zerikusi handiagoa gure lan egiteko erak. Gure inguruan ikusten dugunaren arabera gidatzen gara. Adibidez gero eta gehiago entzuten dugu etxetik lan egiten ari den jendeaz; etxean gero eta denbora gehiago pasatzen du jende askok. Aldi berean etxebizitzaren prezioek zailago egiten dute erostea. Beraz, beharbada etxe zehatz batekin lotura gero eta txikiagoa da, etxez aldatzea lehen baino arruntago den momentutik.

 

¿Zein da altzariek etxe barnean ematen diren harremanen artean betetzen duten funtzioa? ¿Zein modutan laguntzen dute (edo dezakete) harreman horietan?

— Altzariak normalki ez dira funtzio berritzaileez beteriko objektuak. Honekin esan nahi dut gaur egun erositako sofa batek eta duela 30 urte erositako beste batek alde txikiak dituztela funtzionaltasun mailan. Dena den, funtzio eta innobazioz beterik dauden objektu batzuek ez bezala, hauekin nolabaiteko lotura afektiboak sor daitezke. Guri alde hori interesatzen zaigu gehienbat, baina intangiblez beteriko kontu bat da.

 

¿’Irudikatu Etxebizitza’ mintegian egingo duzuen saioaren aurrerapenik eskainiko al diguzue?

Gure lanak era tangentzial xamarrean ukitzen du etxea. Gehienetan diseinatzen ditugun produktuak normalki esparru profesionalagotara zuzenduak daude. Esaterako jatetxe, taberna, hotel edota bulegoak. Lehen, bi mundu hauek (etxea eta aplikazio profesional hauek) oso aldenduak zeuden bata bestearengandik baina azken hamar urteotan elkarri hurbiltzen ari dira. Lanean etxean bezain gustura egoteko nahia dugu gaur egun. Taberna askok ere etxe giroa errepikatu nahi izaten dute.  Eta hein txikiago batean seguraski aurkakoa ere gertatu da. Ongi diseinatutako barne espazioetatik seguraski tabernak dira harreman estuena ahalbidetzen dutenak. Gero eta taberna eta jatetxe gehiago daude arkitektura eta espazioaren tratamendu oso onekin. Gure etxea antolatu eta betetzeko garaian horrek eragina eduki dezakela esango nuke.

 

Comparte este artículo

Suscríbete a la Newsletter